2007-08-06

ATARIA

Lehenbizi ongi teoría emanez, test hauek irakurtzera animatzen zaretenoi, zertxobait idaztera natorkizue, eskatu didaten bezalaxe gustu handiz egingo dut gainera.

Aurten ere, beste urte bat gehiagoz, horren famatu egiten ari zaigun Legazpiko Artzain Eguna antolatu dute; eta ez da gutxi egiten duten lana ez, izan ere, dagoeneko 17 urte daramatzate egun hau antolatzen eta segi dezatela urte askotan jendeak ondo eskertuko du eta.

Eta zein da jai honen arrazoia? Ba azken aldian horrenbeste entzuten ari den artzaintza, gure kulturan eta iraganean horrenbesteko garrantzia izan duen ofizio eta tradizio hori. Artzaintzak bere historian izan ditu hainbat gorabehera eta gaur egun ere, izaten ari da. Adibidez, azken aldian horrenbeste polemika sortu duen arrazen arteko gaia, gure Euskal Herrian Latxa ez den beste arraza batzuk sartu behar direla eta abar. Eta nik uste dudanez, zergatik aldatu behar dugu 6.000 urte iraun duen beste arraza bat? Zertarako? Ez al dago nahikoa esplotatua gure Latxa kuttuna guk behar ditugun kantitateak lortzeko? Horrenbeste iraun badu zerbaitegatik iraungo zuen eta ez dut uste aldatu beharko litzatekeenik. Eta guzti honek nola iraun du? Ba gure artzain helduei esker eta nola ez, eskerrik beroenak eman behar genizkieke artzaintzaren historia horren aberats egin eta artzain gazteei horrenbeste erakusteagatik. Artzaintzak lehengo garaietan bakarrik ez, gaur egun ere garrantzi izugarria izaten ari da, ikusi besterik ez dago batetik zein txukun mantentzen dituzten gure mendi eta zelaiak eta bestetik zein produktu goxoak uzten dizkigun. Arkume ederrak, mamitarako esne goxoa, erropagintzarako artile ederra eta nola ez gazta mundiala. Ikusi besterik ez dago zein nolako indarra hartu duen munduan Idiazabal gazta famatuak. Nik askotan esaten dudan bezala, orain dela urte batzuk artzaintza 3. munduko zerbait zela zirudien, baina gaur egun, ofizio xume bat baino dezente gehiago da. Baditu bere zailtasunak baina gustura egin daitekeen eta bizimodu nahiko ona ematen duen ofizioa dugu gure artzaintza. Eta pixkanaka, testua bukatuaz, eskerrak eman nahi dizkiet egun hau posible egin dutenei. Bereziki Legazpiko Udalari, baita Artzain Eskolari ere, artzain gazteak sortzeko egiten ari den ahaleginagatik. Gainera dirudienez ahalegin hori fruitu onak ematen ari da.
Ikusi bestela azken urteotan zenbat artzainek, hortik pasatu eta aurrera egin duten, bestetik eskerrak gure artzain helduei bertaratzen diren eta bertaratuko diren guztiei beraiek ere badutelako zerikusi zuzenik egun hau antolatzeko eta artzaintza aurrera eramateko. Azkenik zuek gogoan hartzea nahiko nukeen hitz batzuekin agurtzen naiz.

Lehen artzaina zenak beldurrez esan zezakeen artzaina zela, gaur egun ordea, harro sentitu gaitezke eta harro esan dezakegu artzainak garela, aurrera doan Euskal Herri honetan aurrera doan ofizio eta tradizio bat delako.


Xanti Urkiola Zubillaga
Artzain Eskolako ikasle gaztea