2007-08-06
JOXE ARRIZABALAGA ALBERDI “BURUZURI”
"Txerturi - Beheko Baserria" - ITZIAR
Itziargo “Txerturi Beheko Baserriko” sukaldean irrifartsu aurkitu ditugu Joxe eta bere emaztea, Josefa Agustina Arrona.
“Buruzuri” ezizenez ezaguna den artzaina dugu hau. Duela 81 urte Itziarren jaio eta bertan jarraitzen du oraindik.
Nekazaritza eta artzain lanak bateratzeaz gain, 7 seme-alaba aurrera ateratzeko gai izan dira. Duela gutxi, urrezko eztaiak ospatu zituzten eta harro erakutsi digute egun horretan oparitutako koadroa, zuhaitz baten adarretan beren seme-alaba guztien argazkiak, bakoitzaren senide eta semeekin. Guztira 12 biloba.
Joxeri artzain munduko afizioa txikitatik datorkio. Nahiz eta gurasoak ez duten ardiekin lanik egin, baserritarrak ziren, aita ere idi probatan ibiltzen zen. Egun batean ardiak erostea erabaki zuen, eta orain arte jarraitu du lanbide horretan. Gaur egun oraindik 160 buruko artaldea mantentzen du. Baina ez dute gazta egiten, esnea saldu egiten dute. Lan gehiegi ematen du gazta egitea eta baserrian nahiko lana dago bestela ere.
Larre-leku bezala etxe inguruko zelai berdeak izan ditu beti, Andutz mendibarrenean kokaturik. Uda eta negua bertan pasatzen zuten ardiek, eta horrek nekazaritza lanak tartekatzeko aukera ematen zion gure artzainari.
Ardi Latxarekin egin du beti lana gure artzainak, baina froga moduan 12 ardi isrraeldar ere izan ditu, baita berehala kendu ere, esne asko eman arren, kalitatea ez zen Ardi Latxarena bezain ona eta berak dioenez, ardi horiek gehiegi jaten zuten gainera.