2007-08-06
10 URTE ARTZAIN ESKOLAK
Ibilaldi luze bat, amets luzeago baten ondorena, hamar urte; hamar ikasturte, hamar talde, 141 ikasle, 50 irakasletik gora, artzain eskoren nahia eta borondate ona, erakundeen konpromisoa, borondate oneko kritika sanoak, borondate ez hain onekoak ere bai, bat edo beste, askorentzat aziertoa, zenbaitentzat porrota ere bai. Hori dena eta gehiago izan da Artzain Eskola.
Ni gauza batean nago ziur; borondate onik ez zaiola falta izan hamar urtetan zehar. MENDIKOI-k, gaurko ITSASMENDIKOI-k, Arantzazuko Gomiztegin sortu zuenetik, denok edo gehienek bai behintzat saiatu gara bera bultza eta bultza, aurrera atera nahian.
Lortu dugula? Ez bere osotasunean behintzat baina bai neurri batean eta gaur ikustean badaudela artzain gazteak, lanean ondo ari direnak eta Eskolarekin oso eskertsu daudenak, barrena pozez betetzen digu.
Hori izan da Artzain Eskola sortzeko arrazoia. Betiko artzaintzan oinarrituta, artzainak berak eskatua, administrazioak onartua eta ITSASMENDIKOI-ren bidez babestua. Ez ohizko artzaintzaren aurka joateko; baizik osatzeko, egokitzeko, gaurkotzeko, azken baten, gustatzen zaizuen lan batean saiatuz etekin hobeak ateratzen erakusteko. Geure arrazarekin geure lur eta mendietan, geure erara, elkar lanean.
ASMO BERRIAK
Administrazioak beti sinistu du eta begi onez ikusi du Artzain Eskola. Hortik bere ahaleginak ITSASMENDIKOI-ren bidez, ekintza hau bultzatu eta aurrera ateratzeko. Horretarako Artzain Eskola; horretarako asmo berriak; horretarako hemen bertan jaso dugun Eskola berri bat. Euskal Herrirako eta kanporako ere erreferentzi izan nahi lukeena; baina batez ere artzaintzatik bizi nahi duten guztientzat beren ikasketak egiteko toki egokia bilakatu dena. Gaur eguneko artzaintzara egokitutako artegi bat, bere jezteko makina eta gaztandegiarekin eta gaur egunean beharrezkoa diren beste zenbait aurrerapenekin osatua. Eskolan ikasitakoa bertan praktikatzeko eta instalakuntza egoki batzuen garrantziaz jabetzeko.
Eskola honetatik pasatu direnen arreta eta interesak bultzatu gaitu erabaki hau hartzera eta bai gaur egunean artzain profesionalak egiten hari diren lan bikainak ere. Inoiz ez bezalako egon ezina eta interesa nabaritzen dugu artzain profesional askoren artean, proiektu berriak bilatu eta aztertuz. Gure aldetik gu prest gaude ekintza hauek aurrera eramaten laguntzeko eta bultzatzeko.
Artzain makila eta artzain zakurrak ez dira utzi behar baina ordenadoreak eta internet ere beharrezkoak dira; gazta egiteari utzi ez, baina errazago eta hobea egiteko bide egokiak bilatuz beti ere gure gaztaren berezitasuna galdu gabe; bere emaitzak direla eta gure ardi latxa baztertu ez, baina hobetu bai: genetikaren bidez, artaldearen erabilera on bat egiten saiatuz, elikadura orekatu eta egoki bat erabiliz, sortutako emaitzei etekin ona ateratzeko bideak aztertuz eta gure teknikoekin harremanak hobetuz. Denak elkartuz asko dezakegu bakarka ez goaz inora.
Hau dena ez ohizko artzaintza baztertuz; baizik egokituz eta gaurkotuz. Batez ere ez, hobe ustetan, etxeko arraza baztertu eta kanpokoak sartuz.
Gaurko Artzain Eguna gerta bekigu jai eder bat eta gure arraza latxaren aldeko festa.
ARTZAIN ESKOLAKOAK