2007-08-06
LATXAREN BABES BILA
Zer ederrak diren euskal mendiak, belar berdez jantziak, ardi zuriz zipriztinduak. Zer ikusteko zoragarria, amak bere arkumeari deitzen dionean eta arkumeak baaaiiiii luze batez erantzun eta goxo goxo errapea xurgatzen dionean; amak larreari utzi eta bere umeari muxuka bere esnea emango dio eta gero biak larrean jarraituko dute beste denak bezala. Baina begira gaudenok konturatzen al gara mendi horiek, Urbia, Aralar, Gorbea, Urbasa, Entzia, Irati… eta beste Euskal Herriko hainbat mendi zergatik dauden hain garbi, hain erakargarri? Eskerrak eman beharko genizkioke gure ardi latxari aspertu gabe. Berak bakarrik egin diezaioke izadiari ordaindu ezinezko mesede hori. Ez du berdinik. Hain egokitua dago izan ere gure mendietara… Mendiak esker onez erantzuten dio eta behar duen elikadura eskaintzen. Biak daude bata bestearentzat eginak. Gure erruz arraza hau, gure ardi latxa hau gure mendietatik desagertuko balitz ez genuke barkaziorik merezi eta gure ondorengoek ez digute barkatuko. Sei mila urtetik gora gure mendietako ekologiaren zaintzaile izan den latxa galtzen utziko ote dugu bada?
Baina kontuz!
Sakela betetzeko ba omen daude arraza hobeak, esne gehiago dutenak. Bai, baina urte guztian ukuilu zuloan bazkatu beharrekoak. Eta ez latxa bezala, mendietako lorazain izateari utzi gabe, berdingabeko kalitatea duen esnea sortzen duena. Mesede guztiak behar bezala ordainduko balira…
Badira urez gainezka datozen errekak baina ez al da hobea, goxoagoa, pil-pil-pil apalean, iturritxoak ematen duen ur fresko eta gardena. Biek ordain bera merezi ote dute?
Ez omen du Assaf arrazako ardiak bezalako esne iturririk. Ez, oraingoz ez behintzat baina geuk nola jokatu dugu? Nola zaindu dugu? Nola lagundu diogu?
Badira urte batzuk, hogei bai gutxienez, gure ardiaren alde onak eta txarrak ere bai aztertzen asko saiatu den batek esaten zigula:
Zeuek ere, artzainok, ba al dakizue gure ardi latxak Euskal Herriko mendietan zehar zenbat gose pasa duen eta esnea emateko nolako dohainak dituen?
Arrazoi zuen. Geroztik lan asko egin da arraza honen inguruan eta ez dago emaitzak ikusi besterik, eta bere ekologi lanari utzi gabe!
Zer esan ardi honen esnearekin egiten den gure IDIAZABAL-i buruz. Egiten al da gazta hoberik? Jaten al da inon? Nik ez behintzat. Eta geroz eta gehiago dira hori aitortzen dutenak eta geroz eta urrutiagotik harriturik zoriontzen gaituzte.
Saia gaitezen geureari laguntzen, geurearekin bizitzen eta geureari eskatzen; emango digu, esker onekoa da eta.
Hor dugu bildotsaren EUSKO LABELA, hor dugu gure ingurunea benetan maite dutenen oniritzia eta esker ona. Gure erakundeetako arduradunek ere badakite zenbaterainoko mesedea egiten duen eta hor dugu batez ere euskal gastronomia hainbeste aberasten duen IDIAZABAL gazta gustagarria.
Eta nola diren gauzak! Mesede hauen denen sortzaileari ateak itxi nahi dizkiogu? Oraindik arriskuan bizi zaigu. Hala bizi izan da beti; etsaiak eta arriskuak nonahitik: otsoa, industria, turismoa, pinua…
Hala eta guztiz ere bere apaltasunean, artzainen leialtasunari eta sendotasunari esker iraun egin du. Orain kanpotik ekarritako beste ardi mota desberdinekoak izango ote dira ba itoko dutenak? Hor dago arriskua, beldur gara baina ez dugu uste. Historian zehar hainbeste erasoren artean iraun duenak izango al du beste bat gehiagogatik irauteko ahalmena. Eta iraun dezala artzaintzaren eta Euskal Herriaren onerako.
Gu, artzainok saiatuko gara. Zuek ere, erakundeak, saia zaitezte holakorik gerta ez dadin bestela denok barregarri geldituko gara eta denok galduko dugu.
NIKOLAS SEGUROLA