2007-08-06

ANDER MANTEROLA



Ander Manterola 1934ko maiatzaren 23an jaiotako zeanuriarra da.
Bizkaiko Igorre haranean aurkitzen den herri honetan, giro euskaltzale eta erlijiosoan zaildutako pertsona da; hori dela eta, Anderren ibilbide profesionala eta pertsonalaren funtsa, hein handi batean, bizitako ingurune sozialak baldintzatu duela esan dezakegu.

Hariari tira eginez, egun Labayru Institutuaren (euskal kulturaren erreferentea) zuzendari denaren bizitzan atzera egiten badugu, konturatuko gara lehenengo pasarte esanguratsuena, 1957.urtean eman zela. Hots, urte honetan abade ordenatu zuten eta Derion.

Lotura berezia du ordudanik Anderrek Deriorekin. Bertan, baina, ez du soilik bokazio erlijiosoa aurrera eramateko aukera izan. Barne barnean sustraituta daraman euskal kulturaren inguruan ere gogotik egin du lan. Horren isla da, bere gidaritzapean, Labayru Institutuak euskal kulturaren barnean lortu duen onespena.
Derioko seminarioan kokatzen den Labayru Ikastegiak, asko lagundu du euskal izaera ezagutzen, lantzen eta goratzen; jakina, Ander Manterolak burututako lan gabe, ezingo litzateke hau guztia ulertu.

Bere ibilbidea oparoa izan da euskal kulturaren barnean eta esparru erlijiosoan, eta egindako lan guztia laburtzeko orriak eta orriak beharko genituzke. Hori dela eta, gure interes propioak baldintzatuta, Anderrek artzaintza munduaren inguruan egindakoan zentratuko gara, motz-motzean, bere ekarpen handia aztertzeko.

Horretarako, ezinbestean, Euskal Herriko Atlas Etnografikoaren bosgarren alera jo behar dugu, abeltzaintza eta artzaintzari buruzkora, alegia. Bera, bildumaren zuzendaria izan da, eta proiektu honekin, Joxe Miel Barandiaran zenaren ideia, egitasmo eta plangintzari bizia ematea lortu du.

Zehazki, abeltzaintza eta artzaintzaren inguruko alea, mardula eta oso aberasgarria da. Euskal Herrian hainbeste errotuta egon den artzain kulturari merezitako tokia egiten dio.

Baina Anderrek berak dioen moduan, Atlas honekin lortu nahi dena, tradizioa beren baloreengatik errespetatzea da, eta ez bakarrik tradizioa delako. Berau, ondare bihurtzea beharrezkotzat hartzen da, gure arbasoek egiten zuten lanak, etorkizunean esparru honetan lan egingo dutenen nortasunei, halako erreferentzia bat emateko.

Lan honekin, Anderrek ez du inolaz ere igarotako urteen inguruko folklorizazio edo nostalgian erori nahi; folklore horren transmisio hutsetik haratago joatea proposatzen du. Beraz, lehenagoko artzaintzaren eredutik, probetxuzkoa dena hartzera gonbidatzen du etorkizuneko artzaina, teknika berriei parez pare ateak irekiz.

ARTZAIN MUNDUA