2007-08-06
EUSKAL ARTZAIN EMIGRANTEEN FESTA
Dagoeneko 4 urte igaro dira Gipuzkoako Artzain Eguneko antolaketa batzordeak, Artzain Munduari, Ameriketara joandako artzainen inguruan lan egitea eskatu zionetik. Hastapeneko urratsak, ez ziren batere errazak izan . Artzain Munduak erronka garrantzitsutzat hartu zuen eskaera, jakinda, euskal artzaintza ezagutzeko ezinbestekoa zela. Inolako zalantzarik gabe, gertaera honek, Artzain Munduko esparru estrategikoenaren barnean, Dokumentazio Zentroan, lehentasun irizpideak aldatzea ekarri zuen.
Honela, “Iragana Gaurkotuz” proiektua abiarazten da. Bertan, Artzaintza Tradizionalak eta Ameriketako Euskal Artzaintzak, berebiziko garrantzia dute. Bietan, artzaintzaren ezagutza eta gertaerak jasotzeak, Euskal Artzaintzaren Memoria Kolektiboan gordeta dagoena funtsezko bihurtzen du.
Gogoeta honen ondotik, Artzain Munduak, 2005.urtean Arantzazun egindako III. Artzainen Nazioarteko Biltzarrean, diasporako artzainen topaketa antolatu zuen. Ondoren Lesakako eta Sunbillako ekimenak sortu ziren. Legazpiko herriarekin batera, herri hauek era xume batean,beraien herriko seme ziren artzainekiko errekonozimenduaren aldeko hautua egin dute. Hiru udalerrietan antolatutako ekintzak, erreferente bilakatu dira kanpora joandako artzainen lekukotasunei merezi duten inportantzia ematerakoan.
Aurten, Aldudek eta Gernikak beregain hartu nahi dute aipatutako ekitaldien testigantza. Horretarako, estreinako aldiz, Euskal Herriko zazpi probintzietatik atzerrira joandako artzainen topaketa egiteko asmoa dute. Ameriketara etorkizun hobeago baten bila joandako pertsonai hauen oroitzapenak birgogoratzeaz gain, errekonozimendu sozialaren bidean aurrera egin nahi da. Finean, gure artzainen bizimodua goraipatzerako orduan, beste urrats garrantzitsu bat da.
Harrigarria dirudien arren, gaur egun oraindik ez dakigu zenbat izan ziren Ameriketarako bidea hartu zuten artzainak. Iragan urrian Lesakan bildutakoetatik estrapolazio bat egiten badugu, 2000 artzain inguru izan daitezke Ameriketara joan , eta bertatik itzulitakoak. Baina kopurua baino garrantzitsuagoa da jakitea ze herrik jasan zuten beraien herriko semeen galera.
Azterketa txiki baten ondoren, 200 herri baino gehiago antzeman dira.
Gipuzkoa eta Arabako herri txiki batzuk salbu, gehientsuenak, Bizkaia, Iparralde eta Nafarroakoak.
Ekitaldi hau antolatzeak, berarekin batera, Ameriketara joandako artzainen identifikazio lana dakar. Zerrenda sendotzen doa, eta dagoeneko 600 baino gehiago dira identifikatutako artzainak. Tartean, Gipuzkoako Artzain egunean omenaldia jasoko duten artzain batzuk daude. Hauen artean daude, Gernikako Anselmo Zabalgogeaskoa eta Mª Jesus Etxeberria, eta Mendatako Miguel Angel Gorriño eta Sebe Erleaga andre-gizonak. Laurak, 70.hamarkadan joan ziren Ameriketara, eta Miguel Anjelek, salbu, 20 urtez goiti egon dira han. Ameriketako beraien bizitza Idahon hasi zuten, Rupert eta Fruitland herrietan. Anselmo eta Miguelek aziendaren ardura bizkar-gainean eramaten zuten bitartean, Mª Jesus arrantxoko etxeko lanetan aritzen zen, eta Sebe, aldiz, haurtzaindegi bateko zuzendari lanetan.
Bikote biek familia propioa eratu zuten, eta beraien seme-alabei euskal hizkuntza eta ohiturak transmititzen jakin izan zuten. Aurrera eraman beharreko lana, gogorra baina pena merezi duen horietakoa zen. Nahiz eta, bere garaian Euskal Herrira itzultzea erabaki, nostalgiaz gogoratzen dute arrantxoko bizitza amerikarra.
Eurei, Euskal Herriko sendiengandik urrun, herri arrotz baten urte asko igaro zutenei, merezitako omenaldia eskaini nahi diegu Gipuzkoako Artzain egunean. Zorionak, Anselmo, Mª Jesus, Miguel Angel eta Sebe.
Miguel Angel Gorriño eta Sege Erleaga - Mendata
Anselmo Zabalgogeaskoa eta Mª Jesus Etxeberria - Gernika
ARTZAIN MUNDUA