Epai edo baieztapen azkar eta azalekoak egitea da askotan gizakiok egiten dugun hankasartzea, gaia sakonen jorratu beharren begirada batean neurtu eta zalantzarako leku gutxi uzten duten arrazoiak indartuz.
Gure Latxa arraza eta kanpoko beste arrazen inguruan ezezagun zaizkigun arrazoien ondorioz sortu den eztabaidan ere horrelako zerbait gertatzen ari dela iruditzen zaigu Latxa ardiarekin lana egin eta bera hobetzeko elkartu ginen artzainok. Tristura eta amorruz ikusten dugu nola jipoitzen duten egunkarietan mendez mende gure arbasoen eta gaur egun ere gure familien ogi iturri den ardia, konparazio xinple eta askotan interesatuak eginez gizartearen aurrean artzainen lana gutxietxiz eta Latxa arrazako ardiak hutsaren pare utziaz kanpokoen aurrean.
Datu eta emaitzak hotzak izaten dira eta askotan balio gutxikoak atzetik behar den azalpena eramaten ez badute. Guk ez dakigu beste arrazek nolako errentagarritasuna ematen duten, ezta ere zein ustiapen baldintzatan dauden lortuak argitaratutako emaitza horiek, beraz ez gara eztabaida horretan sartuko. Dakiguna da gure Latxa ardiak zer ematen duen eta zein den gure ustiapen eredua eta hori da azaldu nahiko genukeena.
Esne kontrol elkarteetako artzainek azken 25 urteetan egindako lanaren ondorioz, artaldeen esne emaitzak gora egin du nabarmen eta gaur egun ardiko 200 litro inguru jeisten dituzten hainbat artalde dauzkagu esne kontrolen adibide bezala, alde batetik hobekuntza genetikoan eta bestetik elikadura, osasun eta instalazio mailan egindako lanaren ondorioz. Gaur egun Euskal Herri mailan 80.000 ardi latxa mutur gorri edo beltz daude esne kontrolean hego aldean eta beste 90.000 iparraldean, urtero hegoaldean 23.000 eta iparraldean 65.000 hazi jartze egiten direlarik, gure ahaleginaren erakusle bezala.
Esnea emateko gaitasunaz gain, esneren kalitatea eta ardien errape morfologia hobetzeko ahaleginean ari gara lanean buru belarri; tresna bezala artaldeen jarraipen, neurketa eta animali egokienen ondorengoen hazkuntza harturik.
Datu orokor hauek Latxa arrazako ardien gaitasuna azaltzen dute baina argi utzi nahi dugu emaitza hauek lan egiteko molde eta inguru bati lotuak daudela. Gure artzaintza gure lurrari lotuta dago eta Latxa ardia ere modu berean egokituta dago inguruko larre baliabideen aprobexamenduan oinarritutako artzaintzari, ezagunak diren azaugarri bikaineko elikagaiak ahalbideratzen duten lan taldea osatuz.
Beraz, egindako hobekuntza guztiei era positiboan erantzun dielako eta oraindik ere jorratzeko bide luzea eta emankorra ikusten diogulako aurretik egin nahi dugu Latxa ardiaren alde apostu, gaur egun ustiakuntzei bermatzen dien errentagarritasuna hobetzen jarraituko duen segurtasunarekin. Bestetik, orain arteko artzaintza ereduaz jarraitu nahi dugu eta maila horretan ezinbestekotzat jotzen dugu bertakoa eta gurea dugun arrazarekin jarraitzea. Azkenik, artzain izateko aukera gogorra egin dugunok, bizimolde eta ardi honi diogun maitasunagatik egin dugu autu hau eta ezinezkoa egiten zaigu irudikatzea banan banan ezagutu eta ia familiakotzat jotzen ditugun animaliak kanpokoak diren ezezagunengatik ordezkatzea.
Artzainen esku ez dauden beste baldintza edo egoerek ez gaitzatela gure izaera galtzera behartu.
ELE-Gipuzkoa elkartea